Kea

ARIMA edukitzea da gitarra artisau bat eta seriean egindako gitarra bat bereizten dituena; izan ere, luthier-instrumentu batek bertan darama egilearen zati bat, zati inmaterial bat, soinuan eta instrumentuaren esentzian islatuta geratzen dena.
ARIMA gitarrak bakarrak dira: nik neuk, Iker Rodriguezek, eskuz egiten ditut erabat, xehetasunik txikienak ere zainduz, edozein musikari-motaren beharrei erantzun ahal izateko.
Lutheriarekiko ditudan jakin-minak oso modu naturalean piztu ziren soinu-teknikari egindako ibilbidean. Hasieran, nire gitarrak eta nire lankide musikarienak konpondu eta doitzen nituen, betiere konponketa txikiak baziren.
Denbora aurrera joan ahala, gero eta jakin-min handiagoa sortu zitzaidan, eta,azkenean, erabaki nuen zentro ofizial batean prestatzea profesionalki: BELEn (Bilboko Euskal Lutheria Eskola). Eskola horren ikasketa-planaren bidez, ikasten da nola egiten diren eskuz hari igurtzizko instrumentuak, eta zehazki, biolinak, biolak eta biolontxeloak. Nire jakin-min nagusia gitarra zen, baina, horrela izanda ere, pentsatu nuen eskola esperientzia ona izan zitekeela, eta aukera ederra emango zidala lutheriaren oinarri eta zirrikituak ezagutu eta ikasteko.
Une hartan, artean ez nuen inondik ere susmatzen zein-nolako aldaketa jasango zuen nire bizitzak, eta denborarekin deskubritu dut hauxe dela nire benetako pasioa. Eskola horretan, lau urte trinko eta zorrotz eman nituen luthier gisa prestatzen: lan-tresnak zuzen erabili, eta egurrak zehatz ezagutzetik hasita, instrumentuen akustika sakon aztertzeraino.
BELEko ikasketak aurrera joan bitartean, handitu egin ziren gitarrak egiteko nituen gogoak eta jakin-minak. Lan-mahai bat jarri nuen nire etxean bertan, eta lutheria-eskolan ikastearekin batera, autodidakta hasi nintzen nire lehenengo gitarra akustikoa izango zena eraikitzen. Gitarra hura eraikitzeko prozesua laguntza handia izan zen asko ikasteko eta trebetasuna lortzeko, baina, batez ere, baliagarri gertatu zitzaidan konturatzeko hura zela nik egin nahi nuena, hau da, gitarrak artisau-eran egin nahi nituela.
Ikasketen azken urtean, beka bat eman zidaten Mirko Borghinoren tailerrean (Borghino guitars) lan egiteko, Italiako iparraldean. Esperientzia bizi-bizia izan zen, betiko markatu ninduena maila pertsonalean, baina, batez ere, gitarrak eta luthier-ofizioa ulertzeko eran.
Mirko Borghinoren tailerrean egon nintzen hileetan, haren gitarrak egiten laguntzeaz gain, eta hainbat zaharberritze egitearekin batera, hobetu nuen arlo horri buruz neukan jakintza, eta nire lehenengo Archtop gitarra eraiki nuen. Esperientzia erabat aberasgarria.
Italiako egonaldia amaituta, etxera itzuli nintzen, Ortuellara (Euskal Herria), eta hemen jarri nuen abian nire luthier-karrera profesionala. Handitu nuen nire tailerra, eta sortzen hasi nintzen, ilusio handiz, nire gitarra-modeloak, ARIMA GUITARS izenpean.
Gaur egun, lortutako ezagutza eta trebetasuna bidelagun ditudala, hasieran nituen sugar eta gogo berberekin jarraitzen dut ikasten
Nire ustez, gitarra bakoitzak ez du parerik, ez du berdinik izan behar, eta, hori lortu ahal izateko, ezinbestekoa iruditzen zait bezeroa ezagutzea eta nahi duena eta bilatzen duena ulertzea. Horregatik uste dut gitarra bat eraikitzeko prozesua ez dela artisauaren egiteko esklusiboa, baizik eta luthierrak eta bezeroak batera egin beharreko lana dela, eraikitze-prozesu osoaren berri emanez.
Gitarra berri bat eraikitzeko orduan, nire helburu nagusia da gitarra eskuetan duen pertsonak bere hedadura gisa sentitzea, musika inspiratzeko eta sortzeko tresna gisa, non soinuaren, erosotasunaren eta estetikaren arteko orekak funtsezkoa izan behar baitu.
Gaur egun, hauexek dira sortu eta egiten ditudan gitarra-ereduak:
Gitarrei buruzko informazio gehiago nahi baduzu jarri harremanetan nirekin helbide elektroniko honen bidez: